Ez dago ikusgai

Munduko barreak

1999/18Ikus-entzunezko 37 pantaila, metalezko egiturak eta binil materiala
4 x 12,70 x 6 m

Esther Ferrer (Donostia, 1937) performance artearen aitzindaria da Espainian, eta genero horren ordezkari nagusietako bat. 1960ko hamarkadaren amaieran bere ibilbideari ekin zionetik, pentsamendu-ildo desberdinak landu ditu, era guztietako formak eta materialak erabilita.

Munduko barreak (Las risas del mundo, 1999/2018) obra Elkarri lotutako guneak erakusketarako egin zen (Guggenheim Bilbao Museoa, 2018). Erakusketa “aereoa” izan zen, gardena, eta jendeak aukera izan zuen hartan zehar ibili artean obrei ikuspegi desberdinetatik behatzeko.

Esther Ferrerren hitzetan, “niretzat artea existitzen den askatasun gune bakarra da, eta bere baitan dena permititu diot neure buruari. Eta, aldi berean, hori da ikuslearengandik espero duzuna, hark ere askatasuna esperimentatzea. Ez diozu ondoriorik eskaintzen, galderak baizik, hark sor ditzan bere gogoeta eta interpretazio pertsonalak, modu autonomoan”.

Artistak beste egile batzuk aipatzen ditu barreari ematen dion garrantzia azaltzerakoan: “‘Errazagoa da negar eginaraztea, barre eginaraztea baino’, Satiek zioenez. Pena da, kontuan izanda barreak dauzkan askotariko onurak; izan ere, Freudek idatzi zuenez, ‘energia negatiboa askatzen du’. Horrek, funtsean, berretsi egiten du Hipokratesek Demokritori buruz esan zuena; alegia, ‘barrea buru-osasuna zaintzeko bitarteko nagusia’ zela. Zerbaitegatik esaten da filosofiaren balioa gizakiari bere buruaz barre egiten irakastea dela, eta, ondorioz, hein batean haren sufrimendua arintzea. Nietzschek ere aipatu zuen sufrimendua hau idatzi zuenean: ‘Gizakiak hainbeste sufritzen du munduan, ezen barrea asmatu behar izan baitu’”.

Munduko barreak instalazioa ez da barreterapia egiteko; haren funtsezko helburua da ikusleak, barre egiteaz gain, munduko barreak entzutea: herrialde eta kultura desberdinetako haur, zahar eta helduen barrea, kultura eta hizkuntza bakoitzak desberdin modelatzen baitu barrea; zenbait adituren arabera, barrea hizkuntzaren jatorria da.

Sokratesek esan zuen bezala: “Soilik dakit ezer ez dakidala”; baina, aldi berean, inguratzen gaituen mundua ulertzeko ahalmena dugu, egia aurkitzeko galdera etengabe eta logikoak egiteko metodo errazaren bitartez. Pitagorasek eta Platonek uste zuten musika entzuten dugunean unibertso osoarekin bibratu egin dezakegula berriro, hura sentitu eta harekin esperimentatu dezakegula. Esther Ferrerren kasuan, mundu honetako zarata, soinu eta bibrazioekiko duen jakin-minak John Cage-n hitzak dakarzkigu gogora: “Musika ez da inoiz gelditzen, guk uzten diogu entzuteari”.

 

Jatorrizko izenburua

Munduko barreak

Data

1999/18

Teknika / Materialak

Ikus-entzunezko 37 pantaila, metalezko egiturak eta binil materiala

Neurriak

4 x 12,70 x 6 m

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa