Serra R La Materia del Tiempo The Matter of Time 2003 2005 scaled

Arte liluragarria familientzat

Ongi etorri Bilboko Guggenheim Museora!

Hemen ikusiko dituzuen artelanak dibertigarriak eta harrigarriak irudituko zaizkizue, eta oso ondo sentiaraziko zaituzteten emozioak esperimentatuko dituzue. Gainera, eraikin hau sinestezina dela egiaztatuko duzue!

MAPA

Denboraren materia
Serra R La Materia del Tiempo The Matter of Time 2003 2005 scaled

Denboraren materia

104. gela, lehen solairua

Sartu Museora, zeharkatu Atrioa eta joan 104. gelara. Eskultura monumentalak ikusiko dituzu!

Denboraren materia instalazioa Richard Serra artistak sortutako zortzi eskulturak osatzen dute.

Horma makurrek eta horiek barruan eta kanpoan sortzen dituzten espazioetan ibiltzearekin sentsazio desberdinak biziko dituzue.

Anima zaitez poliki pasatzen! Zer sentitzen duzu?

Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Kathreiner, goizean, zakila tente
La erección matutina de Kathreiner | Sigmar Polke | Guggenheim Bilbao Museoa

Kathreiner, goizean, zakila tente

202. gela, bigarren solairua

Sigmar Polke artista alemaniarrari bere obran esperimentatzea gustatzen zitzaion; hori dela-eta, ohikoak ez diren materialak eta teknikak erabili ohi zituen. Halaber, irudiak hartzen zituen komunikabideetatik eta albisteetatik, eta kolore distiratsuak erabiltzen zituen.

Lan honetan, Polkek egur zati batzuk banatzen ditu oihal zati handi baten gainean. Gainera, artistak bere lana sinatzeko, izena alderantziz idatzi du, margolari handi batena ere idaztearekin batera, “Henri Matisse”.

Zer irudi identifika ditzakezu obra honetan? Zure ustez, zer esan nahi digu artistak irudi horiekin?

Sigmar Polke
Kathreiner, goizean, zakila tente (Kathreiners Morgenlatte), 1969–79
Akrilikoa, zura, teknika mistoa, collage markoarekin mihise eta ehun gainean
235 x 305 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Esnatzen
Gilbert and George 1024x339

Esnatzen

303. gela, hirugarren solairua

Gilbert & George artistentzat, existitzen den guztia gai bihur daiteke obra egiteko; adibidez, inspirazioa aurkituko dute pertsonengan, basamortuan, oihanean edo hirietan.

Ekoizpenean erabiltzen dituzten ia irudi guztiak ingurune hurbilenean aurkitzen dituzte, etxetik gertu. Era horretan, obraren zati handiena East End auzoan inspiratzen da —Londresko auzo bat; beraiek han bizi dira eta han lan egiten dute aspalditik— eta bertan bizi diren pertsonengan; esate baterako, obra honetan ateratzen diren gazteak!

Gilbertek & Georgek elkar ezagutu zutenean, elkarrekin lan egiten eta bizitzen hasi ziren, eta haien identitate artistikoak batean urtu zituzten. Beren buruak “eskultura biziduntzat” hartzen dituzte, eta uste dute egunero egiten duten guztia ere artelana dela, antzezpen bat bezala.

Ohartu al zara obra honen erdian agertzen direla? Zure ustez, zergatik erretratatzen dira horrela artistak?

Gilbert & George
Esnatzen (Waking), 1984
Argazki-konposaketa
363 x 1.111 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Idi-bihotzak
Tulips

Idi-bihotzak

303. gela, hirugarren solairua

Gela honetan bertan aurkituko duzu Jeff Koons artista estatubatuarraren Idi-bihotzak obra. Jeff Koonsen Idi-bihotzak koloretako ispiluen antzekoak dira, eta horietan batak bere buruari begiratu eta beste kolore batekoa ikus dezake bere burura. Gainera, inguruan dagoena islatu eta kolorez aldatzen dute. Kartoi mehe distiratsu edo metalizatuekin forma ezberdinak sor daitezke.

Ondo begiratu… Idi-bihotzak iruditzen zaizkizu? Usaina dutela uste duzu? Horrelakoak bezain idi-bihotz handiak existitzen dira? Eta hain distiratsuak, kolore hain bizikoak? Zuk noizbait horrelako lorerik ikusi al duzu?

Jeff Koonsek gustuko du eguneroko errealitatetik gauzak hartzea eta bere erara eraldatzea, baita eskala aldatu eta direnak baino handiagoak egitea ere.

Horrez gain, artistak altzairu herdoilgaitza eta kolore biziak eta oso distiratsuak erabili zituen eskultura egiteko. Badirudi lore horiek ez dutela ezer pisatzen, baina horiek fabrikatzea oso zaila izan da materiala oso astuna erabiltzeagatik eta hainbeste kalkulu eta proba egin behar izateagatik. Beraz, lorpen handia egin du artistak!

Lore hauek jostailu handi batzuek bezalakoak dira, haurren edozein amets, egi bilakatua. Jeff Koonsen obraren zati handi batek izpiritu jostaria eta isekaria du. Artistaren ustez, gauza interesgarriak konta daitezke itxura erraz eta dibertigarriaren bidez.

Imajinatzen duzu eguneroko objektu batzuk nola aldatuko liratekeen handiagoak izango balira, edo kolore biziagoak izango balituzte, edo beste material batekin eraikiko balituzte?

Jeff Koons
Idi-bihotzak (Tulips), 1995–2004
Kromo asko duen altzairu herdoilgaitza koloredun laka zeharrargiarekin
203 x 460 x 520 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

ARTETIK: From the Art
artetik familia

ARTETIK: From the Art

303. gelaren alboko korridorea

Zer sentitzen duzu artelan bat ikustean? Ez galdu ARTETIK: From the Art! esperientzia digitala

Museoaren Bilduman gehien gustatzen zaizun obra edo nahi duzuna aukera ezazu; hautatu sortzen dizun emozioa eta emaitza ikusiko duzu. Liluragarria!

Sentitu artea Museoaren Bildumarekin eta partekatu zure emozioak! Halaber, behatzen dituztenen artean lilura sortzen duten beste obra batzuk ere ezagutu ditzakezu.

Proiektu hau Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Culture-ren arteko lankidetza da.

Puppy
004 Puppy Julio 2012 1 scaled

Puppy

Museoko plaza

Museoko plazan Jeff Koons artistaren Puppy obra aurkituko duzu.

Hori txakurra al da? Hain handia? Imajina itzazu gehien gustatzen zaizkizun animaliak baina beste tamaina batean! Puppy Museoaren txakur zaindaria bezalakoa da, zaintzen eta babesten duena, sartzean ongietorria egin eta irtetean agur esaten diguna.

Koonsek bere lanetan umorea ez ezik, material oso originalak ere erabiltzen ditu horiek egiteko. Konturatu al zara Puppy zer-nolako materialez egina dagoen?… Loreak!

Artistak lorez, zuhaitzez, iturriz eta eskulturez beteta zeuden jauregi handien inguruko lorategi handiak izan ditu inspirazio-iturri. Batzuetan, gorma geometrikoak eta labirintoak sartu izan ditu, zuhaitzekin eta moztutako heskaiekin eginak. Siluetaz betetako leku horiek buruan izanik, Koonsek txakur itxurako lorategi bat sortu zuen.

Gainera, Puppy ez da beste eskultura batzuek bezalakoa: bizirik dagoen artelana da, egunero aldatzen dena, loreak hazten diren izaki bizidunak izateagatik, eta zaindu eta mimatu egin behar da.

Jeff Koons
Puppy, 1992
Altzairu herdoilgaitza, substratua eta loratzen ari diren landareak
1240 x 1240 x 820 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Ibilbide hau amaitu da, nahiz eta horiek lilura eragiten duten obren adibide bakar batzuk bakarrik izan. Nahi baduzue, Museoa bisitatzen jarrai dezakezue zuen kontura eta artearekin gozatuz.

Zuen esperientzia atsegina izan delakoan, laster arte!